XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IN MEMORIAM JOAN COROMINES (1905-1997)

Bilbo, 1997-04-25

1997ko urtarrilaren 2an itzali zen Pineda de Mar herrian (Bartzelona) Joan Coromines i Vigneaux hizkuntzalari hauta, mende honetako hizkuntzalari hoberenetakoa, 91 urterekin.

Hizkuntza erromanikoei, batez ere erdiuhartekoei dagokiela, aberats-aberatsa da haren lana, baina euskararen alorrean ere handia da Coromines jaunaren ekarria.

Bartzelonan sortu zen 1905ean.

Aita Pere Coromines zuen, abokatua, idazlea eta politikaria. Unió Federal Nacionalista Republicana-ko burukidea, Bartzelonako zinegotzia eta El Poble Català egunkariaren zuzendaria izan zen Pere.

Geroago, Autonomia Estatutuaren idatz-batzordekidea izan zen, Esquerra Republicanako bozeramailea Madrilgo parlamentuan eta Generalitateko Justizia eta Zuzenbide sailburua.

Ama, berriz, Celestina Vigneaux, pedagogo ezaguna zen, Katalunian Montessori metodoa sartzen lagundu zuena.

Joan Coromines berehala nabarmendu zen Unibertsitateko ikasle gisa.

Zuzenbide eta Filosofia eta Letretako karrerak egin zituen Bartzelonan. Udako oporraldiak Aranen ematen zituen, Lès herrian.

Primo de Rivera diktadorearen aurkako matxinadan parte hartu ondoren, Montpellier-era bidali zuen aitak.

Han Grammont eta Millardet-ekin ikasi zuen. Itzultzean, 1928an eskuratu zuen lizentziatura, eta Madrilen burutu doktoregoa, Ramón Menéndez Pidal eta Américo Castro irakasleekin.

1931ean argitaratu zuen tesia, Vocabulario aranés, eta bere ikasketak zabaldu nahian Zûrichera joan zen, Gauchat, Steiger eta Jud-en eskoletara, eta Parisera gero, Bloch eta Meillet-ekin ikastera.

Tesi gaira askoz geroago itzuli zen, eta 1991an argitaratu zuen El parlar de la Vall d'Aran. Gramàtica, diccionari i estudis lexicals sobre el gascó

Berriro ere Bartzelonan, Institut d'Estudis Catalans-en lan egin zuen, araugintza lanetan, oroz gain, Fabra, Casacuberta eta Aramon-ekin, bai eta Sanchis Guarner-ekin